Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, goizeko saioa mintegi modura antolatu da, eta bi xede nagusi izango ditu: batetik, Euskal Herriko kontsumoaren munduan euskarak duen presentzia azalduko da, eta bestetik, presentzia hori indarberritzeko asmoz onartu berri den Dekretuaren nondik norakoa azalduko da. Arratsaldeko saioari dagokionez, honek ere bi zati nagusi izango ditu. Lehenengoan, Kataluniako esperientziaren berri emango da, eta bigarrenean, aldiz, kontsumoaren zenbait erakunde pribatu mahai-inguru batean bilduko dira beren iritziak azaltzeko.
Euskaltzaindiaren XIII. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira eta entzule bezala nahi duena joan daiteke. Izena emateko epea bihar amaituko da, eta aurretiaz izena eman behar da ondoko helbide elektronikoan: info@euskaltzaindia.net. Bestalde, izena ematerakoan, hau adierazi behar da: goizeko saioan bakarrik parte hartuko den, arratsaldekoan bakarrik edo goiz eta arratsaldekoetan.