Ekitaldi honen helburu nagusietako bat da "ardi haragiari bultzada berezia ematea, goi-mailako sukaldaritzan balioetsia izan dadin". Elikagai hori, era anitzetan prestatuko du Tolosako Fronton jatxetxeko chefa den Roberto Ruiz Aginagak beste sukaldari batzuekin batera egingo duen bazkari herrikoian. Ildo beretik, Mugaritz jatetxearen arduradun Andoni Luis Adurizi eskainiko diote artzain gipuzkoarrek edizio honetako omenaldi berezia. Modu horretan, eskerrak eman nahi dizkiote "Idiazabal gaztak duen defendatzaile eta bultzatzaile handiena" den sukaldariari. Goizean goiz hasiko da Gipuzkoako artzainen jaieguna. 10:00etan irekiko dituzte postuak: eskuareak, haria, makilak, kutxak, xaboi naturalak, egur eta harri tailak eta zeramikazko eskulanak izango dira salgai. Bertan izango dira, baita ere, saskigileak, burdinlangintza, larrugintza, ehungintza eta goarniziogintza jorratzen duten eskulangileak, zein kaikugile eta abarkagile bana ere. Gazta erosteko eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango dira, noski.
Artzain Ardi Gaztaren Gipuzkoako XIV. Lehiaketa 11:00etan hasiko da eta gerturatzen direnek produktua probatzeko aukera izango dute, lehenengo gazta amaitzen den arte. Gazta onenak ez ezik, hurrengo bostek ere sari bana jasoko dute eta gaztetxoen epaimahaiak ere gaztarik bereziena zein den aukeratu ahal izango du. Bestalde, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako XVIII. Lehiaketa ospatuko da 12:00etatik aurrera, beste hainbat ekitaldiren artean.
Ekitaldi azpimarragarrietako bat omenaldiarena da, 13:00etan. Alde batetik, Gipuzkoako lau aiton-amon artzain eta Ameriketan artzaintzan aritutako lau euskaldun omenduko dituzte eta, bestetik, artzain gipuzkoarren esker ona jasoko du Andoni Luis Adurizek, Idiazabal jatorri-deiturari egiten dion mesedea eskertzeko.
Jubilatuen Egoitzan ospatuko den herri bazkaria 14:30ean izango dira. Roberto Ruiz Aginaga, Iñaki Epelde (Santuario de Arantzazu hotela) eta Joaquin Arratibel (Divinus Catering) antolatzaileek prestatuko dute menua.
Arratsaldean, 17:30etatik aurrera, Gipuzkoako XL. Artzain Txakurren Txapelketa jokatuko da. Hiru ariketa gainditu beharko dituzte partaideek: banderen arteko ibilbidea, artaldearekin lana eta artegiko lana.